Agian, azken asteetan, Microsoft-eko ustezko teknikari baten dei bat jaso duzu, gailu kutsatu bat duzula detektatu dutela esanez. Hala bada, jakin ezazu, ez dela enpresa horretako langile bat, baizik eta zibergaizkile bat, konpainiako teknikari baten plantak egiten ari da zure ordenagailua kontrolatu nahiean. Iruzur horri vihing deritzo teknikoki.
Internautaren Segurtasun Bulegotik azaltzen dutenez, dei horietan Microsoft-en teknikoak, besteak beste, erabiltzaileari bere ordenagailua kutsatuta dagoela eta, konpontzeko, urrats batzuk jarraitu behar dituela adierazten dio. Normalean, urruneko sarbideko aplikazio bat instalatzeko eskatzen da beraiek dena desinfektatzeko.
Puntu honetara iritsita, ondorio hauek izan ditzake erabiltzaileak:
- Zure gailuan gordetako dokumentuak, argazkiak, bideoak eta gainerako fitxategiak zibergaizkilearentzat eskuragarri daude, eta lapurtu egin ditzake.
- Elkartuta dauden zerbitzuei ere eragin diezaiekete. Sare sozialetara edo posta elektronikora sartzeko pasahitzak nabigatzailean gordetzen baditugu, erasotzaileak bere izenean sartu eta ekintzak egin ditzake.
- Ekipoaren beraren osotasuna hondatu daiteke. Kasu batzuetan, teknikari faltsuak ekipoa blokeatzen du malware bat instalatuz, ondoren desblokeatzeko ordainketa eskatzeko.
Horrelako deiren bat jaso baduzu, eta telefonoz esandako programa instalatu baldin baduzu jarraitu honako pausoak:
- Deskonektatu zure gailua saretik (internetik)
- Telefonoz esan zizuten programa hori desinstalatu
- Analizatu gailua antibirusaren batekin edo babes-tresnaren batekin, bertan beste programa maltzurren bat instalatu ahal izan dutela ziurtatzeko.
Eta zibergaizkileek emandako telefonoaren bidez edo webguneren batean banku-datuak eman badituzu, zuzenean jarri behar duzu harremanetan zure bankuarekin, dagozkion segurtasun-neurriak hartzeko, eta, hala, kargu gehiago egin ez diezazuten.
Hona hemen iruzurrezko dei horien aurrean beti erne egoteko segurtasun-aholku batzuk:
- Deiari buruz edozer zalantza izan ezkero ez eman eskatzen dizuten informazioa eta amaitu berehala deia.
- Ez instalatu ezer zure gailuan, berdin da ze aitzaki ematen dizuten
- Ahal baduzu blokeatu zenbakia, berriro deitu ez diezazuten
- Pentsatu, erabili sena ta hausnartu.
Nahi izan ezkero albiste honi buruzko jatorrizko albistea OSIren webgunean duzu: Vuelven las llamadas fraudulentas del supuesto soporte técnico de Microsoft